XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ikasbide Ederra Eibarren

Eibarren izena aundia da Europan eta Europatik kanpora ezagutua egiten dituan lan bikañengatik; len egiten zituan txispa edo armengatik.

Orain bere izena batez ere txirringuta edo bizikletak eta josteko makinak eramaten dute bazter guztietara.

Oien artean ALFA, S.A., oso ezaguna da egiten dituan josteko makinengatik.

ALFA alkartasunak zuzentasun-ikasbide ederra ematen die guztioi.

Langilleak bere lan-nagusiagandik lan-sari utsa artzen duanean, pakea erraz galtzen da bien artean.

Askotan gertatzen da langilleak bere sakel edo poltsikoari bakarrik begiratzea eta nagusiak beste orrenbeste egitea; eta langilleari lan-alkartasun edo enpresaren onagatik ajolik ez izatea, eta batzutan nagusia bere etsaitzat artzea.

Lan-alkartasunaren irabazietan nagusiak eta langilleak parte artzen ba dute, orduan alkartu egingo dira, eta langilleak lan-alkartasunaren irabaziak bereak bezela artuko dituzte.

Ta Eibartarrak zer egiten dute?

Begira zer egiten duan Eibarko Alfa alkartasunak.

Onen domu edo kapitala 40.000.000 (berrogei milloi) pezeta dira; oietatik eundik irurogei ta amabost (75 %) langilleak akziotan daukate eta Banco de San Sebastián deitzen dan diru-etxeak eundik ogei ta bost jartzen du.

Langille guziak txikienetik asi eta Buru Nagusiraño alkartasunean akzioak badituzte.

Alkartasunean sartzeko gutxiena lau akzio bear dira, au da milla pezeta.

ALFAN lan egiten dutenak milla ta eun dira (1.100): Eibarren bertan bederatzireun (900), eta gañerakoak alkartasunaren ordeko lekutan banatuak.

Langille guziak alkartasunaren gobernuan eta irabazietan parte artzen dute.

Akzio-dun Guzien Batzarrean Buru-Batzarre edo Kontsejua aukeratzen da.

Buru Batzarre orrek bere lanagatik ez du ordañik artzen eta astero alkartzen da.

Buru-Batzarre ortan sei lagun, langilleak aukeratuak dira eta beste iru, Banco de San Sebastián deitzen dan Diru-etxearen ordekoak dira.

Aksioak saldu nai dituanak zer egin?

Langille guziak, akzioak saldu nai dituztenean, ALFA alkartasunaren bidez saldu bear dituzte, erostunak alkartasuneko beste langilleak izaten dira; akzio bakoitza euneko 166'66 bere izeneko balioari begiratuz euneko 166'66 ordaintzen da.

Batzuk akzioak salduz beretzat bizitokia erosi dute.

Baña geienak bere akzioak gordetzen dituzte.

Batzuk lau urteren buruan akziotan amar milla pezeta iritxi dituzte.

Ogei bat lagunek bakoitzak eun milla pezeta badituzte.

Lan-sari mota guzietakoak egokiak dira, eta gerorako dirua biltzeko egokiak: geroko biltzen dakinak ez du akzioak saldu bearrik izango, esaterako ezkondu bear duanean.

Gaxotasunagatik ematen diran laguntzak ez ditezke aundiagoak izan.

Erretiroa dutenai illero milla pezetatik goragoko saria ematen zaie; badira lau millatara igotzen diran batzuk.

Olako alkartasunak naigarriak dira oso; ola dirua eta lana ondo alkartzen dira.

Olako alkartasunak aurrera eramateko ez da gauza edozein; baño Eibartar oiek orretarako dauden trabak menderatzen jakin dute.

Ola ikasbide ederra eman die danai.

Zergatik au bera ez egin geiagok?

Zein gauza maitagarria eta atsegiña izango litzeken lan-alkartasun geiagotan domua eta kapitala ain ondo alkarturik ikustea!